Bertso berriak
Herrikoiak
Bertso berriak jartzera noa
euskara garbi batean
hitz politen bila ez etorri
hortaz gelditu atean
barruak lasaituko ditut
eztarriaren kaltean
nire kantuak idurituko du
zakurren zaunka katean.
Uztaila hontan beteko ditut
nik nahi baino urte gehio
ilea galtzearren nik ez dut
ematen gizon serio
ene hitz garbienak ere ez du
inon ezer ez balio
nire buruari sekulan ez dio
inork jarriko prezio.
Gau ixil hontan ikusten zaitut
iparraldeko izarra
hamabost urteko neska baten
ametsa bezain ederra
urruti zaude mundu hontatik
librea eta bakarra
inoren menpe kantatzen duzu ta
zure boza da zilarra.
Eguzkiaren hautsak horitzen
duenean egun berria
pozten zara gaztain iluna
zabaltzen duzu orria
ez zara makina beltz baten
pioi zerbitzaria
kalean arrastaka dabilen
nire antzeko piztia.